XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori ukatzerik ez zegoen.

Juliusek ez zuen salbatu gabeko naufragoen kasurik ezagutzen.

Galaxiaren txoko urrun batean egonik, seguruenik ez zuten azkar aurkituko eta egun batzuk behar izango zituzten.

Egun horietan zer egin zen kontua.

Lilianek emandako datuak hausnartzeari ekin zion.

Sistema hura bisitatu eta esploratzea ez zela ideia txarra otu zitzaion.

Merkatariak mundu berrien esplorazioan ibiltzen zireneko garai epikoak aspaldi paseak ziren.

Orduko mentura eta balentriek ez zituzten jada Juliusen garaiko merkatariak erakartzen.

Ohizko merkatal bideen segurtasuna nahiago zuten.

Julius gizaseme ipurterrea zen eta denbora luzez ezer egin gabe ibiltzea ez zuen gogoko.

Terminus izarraren sistema bisitatzearen ideia gero eta erakargarriago egiten ari zitzaion.

Hirugarren eta laugarren planetek gainera, interes berezia zuten bizia izan zezaketen neurrian; tratu onen bat...

Arrisku aurrikusgabeak egon zitezkeen bestalde.

Zibilizazio gerrazale aurreratua topa zezakeen bertan eta berak ez zuen borrokarako gogorik.

Lilianen abisu batek burutazioetatik atera zuen.

- Julius, erne! Identifikatu gabeko untzi bat hurbiltzen ari zaigu.

- Primeran! Bai azkar aurkitu gaituztela Salbamendu-Saileko mutilek.

- Ez dut uste beraiek izango direnik.

Sokorru-faroa ez bait dut oraindik martxan jarri.

- Alajaina, nola liteke hori?

- Agindurik ez didazu eman.

- Ez al zara zu okerrik egiten ez duena? -bota zion Juliusek haserre bizian- Defentsa-sistema martxan jarri eta prest eraso posibleei aurre egiteko.